Hasierako orrialdea
kontzeptuen aurkibidea aurkibidea iradokizunak iradokizunak bilaketa bilaketa
Lokuzioaren beroa

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

 

LOKUZIOA ZER DEN

 

        Lokuzioa, Coseriu-ren eta Isacenko-ren arabera, perpausaren elementu bezala (lexia) jokatzen duen bi termino edo gehiagoren (lexia konposatua) konbinaketa finkatua da, zeinaren adiera unitarioa (hizkuntz-komunitateari «ezaguna» egiten zaiona) osagarrien adiera normalen batuketaz, besterik gabe, argitzen ez baita.

        Gure artean, Zamarripa izan zen aurrena lokuzioekiko ardura teorikoa erakusten: modismos esan zien, eta bereiz sailkatu zituen.

        Hizkuntzaren erabilera arruntetik urrun dauden adierazpen irudidunak edo bitxiak dira lokuzioak. Bokabulario eta hizkera berezietatik hartuak dira sarritan, beren kontestutik ateratzean indar metaforiko bat hartzen dutelarik:

 

arrantzaolatu nahasian ibili / toilanak emon
artzantzaardi beltza bilatzeko gaua / gaztak ageri
ehizaerbia eraiki / usoak joan eta sareak hedatu
ekonomiapoltsa-zimur / ohe bat ukan gabe ezkondu
erlijioaite misa est entzun / amen batean
folkloreaPetiri Santz / intxixu batek esan
kirolakale egin / hogeita bira iritsi arte ez etsi
nabegazioabela egin / itsaso guztiak igaro eta bazterrean ito
nekazaritzaorga idien aitzinean ezarri / oloa eduki
sukaldeaeltze anitzetako zalia / babak eltzetik atera

 

        Lokuzio askok maila sozial edo talde profesional berezitan aurkitu dituzte baldintzarik hoberenak jaiotzeko eta zabaltzeko, baina gehiegizkoa litzateke sorketa metaforiko guztiak hiztegi edo hizkera berezietan bilatzea, dio Coseriuk. Metafora, eta ados egon behar guk, egunero hitz egin beharrekoa da. Horretara behartzen gaitu tabuak, adibidez.

        Herri hizkeraren ezaugarririk nabarmenetakoa da lokuzioa eta, errefrauaren erretorika eta moralkeria gabe, aho hizkeraren sorketa estilistikorik garrantzitsuena dugu.

        Hizkuntzak higatu eginen lirateke bortxaren bortxaz ederragotzen dituen herri anonimoak erabiliko ez balitu. Abarkakeriak bazter utzita, uste dugu baserri euskara eredutzat hartu behar zela zioten ez gutxik, jakiteke, lokuzioaren bila zebiltzala. Eta Altubek herri xehearen euskara aztertu eta ikasi behar dela zioenean ere, herriaren ahalmen espresibo iheskor eta programa-ezina den lokuzioa ekartzen digu gogora.

        Lokuzioek ez dute historia lineal bat, ez logika bat, ez psikologia bat ere gordetzen muinean; gehiegitan dira hizkuntzaren kasualitate posibilitateaz, bihurkeriaz eta motelkeriaz ere baliatzen diren hizkera moldeak. Hizkuntzakeriak, esan genezake.

 

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

kontzeptuen aurkibidea iradokizunak bilaketa