Hasierako orrialdea
kontzeptuen aurkibidea aurkibidea iradokizunak iradokizunak bilaketa bilaketa
Intza Proiektuari buruz

        Euskal Lokuzioak Sarean izeneko Intza Proiektuaren xede nagusia da euskaldun guztiei euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera emango dien gunea doan eskaintzea.

        Lokuzioa hizkuntza biziaren ezinbesteko osagarria dugu, eta horixe da, hain zuzen ere, gurea bezalako hizkuntza gutxietsi eta askoestuak —normaltasunean bizitzerik ez duen hizkuntzak— degradazioan galtzen duen lehen ezaugarrietako bat: hizkuntza biziak ezinbestez behar duen zurkaitza da lokuzioa.

        Ez datoz guztiak bat «lokuzioa» hitza erabiltzerakoan. Lokuzio ez den esapide eta esamolde asko lokuziotzat hartu izaten dira, eta ez du hala behar, esamolde horiek jatorretan jatorrenak izanagatik ere. Batera harturik, adiera jakin bat duten hitzen multzoa da lokuzioa, noizbait hizkuntzaren edergarri soil hasi bazen ere hizkuntzaren mami eta bizigarri bilakatu dena.

        Intza Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren bilduma (Euskal Lokuzioak, Hordago Argitaletxea, 1981) izan zen, baina osagarri garrantzitsuz hornitua. Alde batetik, ikuskatu, zuzendu eta txukuntzen ari gara liburu hartan bilduriko materiala, eta, bestetik, sarrera emango zaie taldeak berak eta beste laguntzaile askok, han eta hemen ahozko jardunetik eta idatzizko hainbat iturritatik jasoriko lokuzioei.

        Helburua, azken finean, ondare linguistiko bat unibertsalizatzea da, ezagutzera ematea, hala itzulpenaren eta idazketaren profesionalentzat nola ikasle eta irakasleentzat, eta, zer esanik ez, ahoz edo idatziz hizkera bizi eta adierazkorra erabili nahi duen ororentzat.

 

Lan taldea

        Honako lagunok osatzen dugu Intza Proiektuko lan taldea:

                — Joxan Elosegi

                — Koldo Izagirre

                — Josu Landa

        Iradokizunetarako edo kontsultetarako: intza@armiarma.eus

 

Datutegi publikoak

        Egitasmo honetako datu baseak publikoak dira, eta XML formatuan eskaintzen ditugu, gura duenak erabili ahal izan dezan.

 

Mila esker Iñaki Mujika Arregiri

 


        Damaso Intza (1886-1986) fraile frantziskotar nafarra Araiz ibarreko Intza herrian sortu zen. Hamasei urte zituela ordenatu zen, eta hogeita laurekin apeztu. Besteak beste, Zeruko Argia aldizkaria sortu (1919) eta zuzendu zuen gerra bitartean, hainbat artikulu erlojioso eta profano idatzirik.
        Txilera bidali zuten 1936an, eta bertan egon zen 1968 arte. Handik ere Euskaltzaindiaren aldizkarian kolaboratzen jarraitu zuen.
        Euskal Herrira itzuli zelarik, gaztetan hasia zuen kanpo-lanari ekin zion ostera: Nafarroa osoko euskaldunen aho-hizkera jaso eta sailkatzea. Horren ondorioa izan zen Naparroa-ko euskal esaera zarrak, lokuzioak leku berezia daukan bilduma ederra.
kontzeptuen aurkibidea iradokizunak bilaketa