AZERIA BUZTANAK SALATZEN /
DEBEKATUA ADIERAZTEKO /
HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA /
HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... /
LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ /
MATRIUSKA BAT
DEBEKATUA ADIERAZTEKO
Uste duguna baino lokuzio gehiago omen dira
jatorri sexualekoak, Elizak debekaturiko alor horrekikoak zeharbidez
eta metaforaz adierazi behar zirenez.
Euskaraz arrunta da
erreka jo «hondatu» adierazteko. Ez dakigu nola
sortu den. Baina Kandido Izagirrek errekan pasau du bildua,
«bortxatu» edo «birjinitatea galdu» bezala.
Honetatik ote dator hura, izorratu aditzak, joder eta foutre
aditzek hartu duten hedadura semantikoa bera hartu ondoren? Hizkera
hasieran marjinal eta bazterreko hauek, hizkuntzak jaso eta bereak
egin dituenean, normalizatu, nazionalizatu egin ditu, baina hizkera
«bereziak» bezala gorde izan ditu hala ere, adierazkortasuna
indartzeko erabiltzekoak: baliabideak.
Azkuek hanka hautsi (AN, perder la castidad) eta hanka bat hautsi (B, proclamar un matrimonio) jaso zituen. Barandiaranek abisatzen digu Isturitzen aurkitutako hezur lamina batetan emakumezko irudi bat ageri dela, izterrean azkona bat duelarik sartua. Estornes Lasak dio lokuzio honek paleolitikoko irudi horrekin balukeela zer ikusirik, eta aitzineko ezkontze ritualaren hondarra litzatekeela (azkona, zakil sinboloa: Etxeparek "dardoa" darabil...). Espainolez bada esaera bat, la mujer, pata quebrada y en casa. Xenpelarrek berriz:
Gu gera hiru probintzi
lehengo legerik ez utzi,
hoieri firme eutsi
nahiz hanka bana hautsi
jaioko dira berriak
gu gera euskal herriak
"Nahiz" lotura adbersatibo horrek adieraz lezake, menturaz, "hanka bana hautsi" lokuzioak «fastidiatu» esan nahiko zuela Xenpelarrentzat, lehen aipatu dugun «izorratu» aditzaren semantika hedadura bat harturik agian...
Gipuzkoan, adin bateko euskaldunentzat, adarra jo ez da hitz egiteko modu "fina", nahiago izaten dute gaztelaniatik maileguz ekarritako "ilea hartu" erabili. Ez dugu jakin ahal izan zergatik ez den hizketa fina, baina badago nonbait halako gandu gordin bat lokuzio horren inguruan. Pierre Lhandek "adarrak jo" dakar sonner le charivari adierazteko, beharbada "Berri horren ohoretan / jo adarra errepikan, klin-klan!" formulatik hartua... Xaribariak, dena dela, adardunen "ohoretan" egiten ziren fartsak ziren maiz, ohitura eta makurdura sexualak kritikatuz. Eta adarra jo lokuzioaren inguruan dagoen ustea sendotzera egin dezakeen datua ekarriz, hara non Goierrin jasotako adarkadea jo lokuzioak larrua jo esan nahi duen...
AZERIA BUZTANAK SALATZEN /
DEBEKATUA ADIERAZTEKO /
HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA /
HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... /
LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ /
MATRIUSKA BAT
|