AZERIA BUZTANAK SALATZEN /
DEBEKATUA ADIERAZTEKO /
HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA /
HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... /
LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ /
MATRIUSKA BAT
BILLABONAKOA IZAN BEHAR
Lizardik bere lagun idazle erraz-zale porrokatu
baten berri ematen digu. Lanak eskatzen dizkiote aldizkariren
baterako eta «koitauak, bada, eginahalak egiten zituen,
ni naiz testigu; ustez, aingeruak berak baino malizia gutxiagorekin
hitzak josten zituan; gustua egin ziolakoan eskaleari bere lantxoa
ematen zion; ondorenen zain gelditzen zan, begi zeharka... Hotza
eta kopetan zimurra besterik ez zan nabari bazterretan, eta gehiago
gabe, atsekabez beterik etxera sartzen zan. Ez izan nonbait
Billabona'koa».
Gizajoa ez zela dohain apartez hornitua, alegia. Baina, zer ote dute Billabonatarrek? Zabal dezagun Garoa:
«Amarekin berriz ez zuan inora erten nahi, bada Dionisia Gómez Junkeiro lehen baino oihal hobez jantzi arren, ez zan lehen baino asko gehiago garbitzen, eta ezagun zitzaion bere iturburu narrasa eta antzinetako bizibidea hizkeran, janzkeran, orrazkeran eta begietako makarretan. Berez behar Billabonakoa».
Domingo Agirrerenak lokuzio egiturarik ez du, areago dirudi esaldi proberbiala. Baina Lizardirenaren intentzio bera du. Bestalde, Lizardik berak ere formulazio berdina egiten du aurrerago: «Denak ez dira, orde, hartarakoak. Berez behar du Billabona'koa».
Azkuek ere jasoa du esaldi hau (Euskalerriaren Yakintza III, 142 orr.):
«Berez behar Billabonakoa. Equivale a Quod natura non dat Salamantica non praestat» .
Zer ikusia ote du Billabonan jaioak halakoa edo bestelakoa izateko? Zer bereizgarri du Billabonak, edo Billabonatarrek? Billabonak, oker ez bagaude, errebotean du ospea, eta kronikek diotenez bertakoa izan zen erreboteak eman duen pelotaririk onenetako bat. Pedro Yarza besamotza, el manco de Villabona, korriente esateko. Bere garaikoek ere txapelgoa aitortzen zioten.
Pasaiako San Juanen Baignol anaiek XIX. mendean zuten portzelanazko untziotan irudi bana egin zieten Yarzari eta Bizente Elizegiri. Honek ez luke meritu handirik Bagnol anaiek Limoges estiloari bakarrik atxikitzen zitzaizkiola jakinen ez bagenu. Bitoriano Iraolak (Kontuchoak, 1886) bertsoak jarri zizkion Eibarko Txikitori. Baina ohar bat dakar orrialdepean, badaezpada ere: «Billabonako Maingubari eta gero Elizegiri jokatu baña lenago jarriyak». Ezin nolanahikoa izan beraz pelotarion ospea. 1886an egundoko partidua jokatu zen Durangon. Yarza bakarrik Elizegi eta Indalezio Sarasketaren aurka. Hogeitasei urte zituen Txirritak orduan, eta partiduaren berri izaki, bertsuak paratu zituen:
Bizente Elizegi pelotarekin ez da mutil aldrebesa
hori bigarren jarriko nuke ni baldin banintz jueza
kuidado gabe egin liteke horren anparo trabesa
hoiek ez dira tontoak baino Billabonan da kabeza.
Guztien buru zen Pedro Yarza. Hura ez zen jadanik Yarza, hura BillabonakoA zen, BillabonakoA eta besamotzA. Eta ezkerra. Gutxi dira, alafede, pelotari besamotzak, errebotean ere. Gutxi jaiotzen dira haren iaiotasunarekin: besamotza, pelotaria eta txapelduna. Pedro Yarza zorioneko honek eman ote zion fama Billabonari, beste hark Treveris-i bezalaxe? Berak sorrarazi ote zion «berez behar Billabonakoa» esakuntza graziosoa Domingo Agirreri? Ala Agirrek herriak ahotan zerabilena jaso besterik ez ote zuen egin? Ala, eta zergatik ez, Pedro Yarza pelotariak indar eta finka erazi al zuen ordurako arrunta zen lokuzioa, Billabona bera edo beste herriren bat aipatzen zuena? Bai baita beste esakuntza bat, «Errero-perratzaile Billabonakoa, arpa jotzeko ez dek toki txarrekoa». Aitzineko ipuinen batetako pertsonaia ote Billabonako perratzaile hori?
Eta hona non, gure
hipotesiak argitzeko, Damaso Intzak Larraunen jasoa datorkigun
gogora: «Berez behar bilera onekoa». Billabonakoaren
deformazio moralista ote? Eta orduan, zergatik ez "ibilera
onekoa"? Edo Billabona sortu ote genuen mintzaileok "bilera
ona" horretatik, fantastikoagoa, ekonomikoagoa edo, besterik gabe,
arbitrarioagoa zitzaigulako?
"Berez behar" formula erabiltzen duten beste esakuntzak ere badaude. El borracho burlado (1764):
halaxe dendariak
eta zapatariak
hire erriertakgatik
mila hitz emanagatik
gogorik ez badute
ezer egingo ez dute
Alper da Maria makilatu
berdin berez behar du.
Muniberen pieza honetan Maritxo izeneko pertsonaia bat dagoen arren, ez dugu uste Maria hau hura bera denik. «Alper da Maria makilatu ezpada berez bihurtu» eta «Alper da Maria makilatu ezpada berez bedeinkatua» jaso zituen Azkuek Izpazterren eta Derion. Muniberena baino hiru urte lehenago Kardaberazen Euskeraren berri onak argitaratu zen, 1761ean gaude:
«Juizioaz justizia egiteko ta arrazoiaz sententzia emateko, gauza edo kausa lehenago ondo ikusi, aditu ta ezagutu behar da, ta horretako, Jainkoaren argiaz, euskerari, dan bezala, begiratu ta egiari leku eman. Jainkoakarren itsuak argitu eta mutuak askatu ditzala: gure artean askok ondo premia daukate. Bestela, Jauna, alper da Maria makilatu etc. Euskaldun alper ajolakabeai esan dakieke: Astoaren ahorako eztia ez dala, baina bai belarra».
Kardaberazen "etc." horrek garbi adierazten digu irakurleak badakiela segida, berez doala, esan gabe doala, eta ez duela errepikatu beharrik. Dirudienez, herriak ordurako ezaguna zuen molde bat erabiltzen du Kardaberazek. Billabona ez da XVIII. mende honetan aipatzen. Esaldi honen zatia profitatu ote zuten «berez behar Billabonakoa» sortzeko? Analogiaz baliatu ote ziren? Edo ba al du honek zer ikusirik harekin?
Etxeko lehoiak
Kontuz sudurrarekin
AZERIA BUZTANAK SALATZEN /
DEBEKATUA ADIERAZTEKO /
HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA /
HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... /
LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ /
MATRIUSKA BAT
|