Hasierako orrialdea
kontzeptuen aurkibidea aurkibidea iradokizunak iradokizunak bilaketa bilaketa
Lokuzioaren beroa

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

 

KONTUZ SUDURRAREKIN

 

        Azkueren hiztegiak "traizioa", "azpijokoa" bezala dakar iruzur (fraude, traición. Iruzur egin, engañar a un tercero). Bizkaian eta Gipuzkoan zabaldua omen. Kandido Izagirrek (Vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate) honoko lokuzioa jaso du: orrek ein txak iruzur eta lau mutur, tronpatzea adierazteko, Azkuek bezala. Baina hemen bigarren osagarri bat ageri zaigu, "lau mutur", eta itxura guztien arabera, aurreneko osagarriak motibatua: iru / lau, zur / mutur. Honela litzateke beraz lokuzioa, "etimologikoki": horrek egin txak hiru sudur eta lau mutur. Azkueren iruzur egin, orduan, hiru sudur egin izanen litzateke.

        Har dezagun Tartasen Onsa hilceco bidia (1666), saia gaitezen apur bat:

        "...eta Arquebusaria, bere bala, bere bolbora, bere drageac, eta bere pena galduric, confusionetan, eta desohoretan gueldi dadin, eta haren irabacia oro içanen den bi çehabete sudur, erran comuna den beçala".

        Çeha hori "zehe" da noski, eskua tira ahala zabalduta hatz pototsetik hatz txikerrera doan luzera. Arkabuzariari, uste ez bezala irten baitzitzaion tiroa, konfunsione batean, sudurra luzatu zitzaion...

        Patri Urkizuk bildutako Petitun eta Petik-hun xaribarian (1695) kopla hau ageri da:

 

                Arihuneq cion Petituni

                Farandol hastiaraci

                bena bera ere baratu cen

                bi çehe sudurrequi

 

        Sudurra nahasmenduari, tronperiari, konfusioari lotua ageri da gure inguruetan: avoir un pied de nez, faire un pied de nez ("pied de nez", hain zuzen, eskua sudur puntan jarrita zabaltzea da, trufa egiteko), dejar con con un palmo de narices... Azkuek berak Zuberoan bildua bezala dakar zehe bat sudur egin, kontestu semantiko berdinean.

        Alegia, gure iruzur modernoa, behialako "hiru sudur" bat ote? Izan gaitezen surrak, alegia, sugurrak, alegian zuhurrak: ez ote da herriak, bere ezjakina edo uste okerra artistikoki baliatuz, etimologia faltsu baterako bidea zabaltzen digula? Bost axola hori herriari, mintzaileari, berak adierazkortasuna bilatzen du, eta ondora datozkion aukera guztiak profitatzen ditu. Hitzak hizpidea dakar, nola ez atera "iruzur" batetik "lau mutur"? Saussure maisuaren esana da: «Berarengan ezagutu uste diren elementuei egokitzeagatik deformatzen da hitza gehienetan». Mitoek hitza sortzen duten bezala, hitzek ere mitoak sortzen dituzte.

        Kontua da iruzurraren pairatzaileari, Pinocchiori bezala, sudurra luzatzen zaiola barregarri: bat, bi edo hiru zehez bai gutxienik!

 

Billabonakoa izan behar

Etxeko lehoiak

 

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

kontzeptuen aurkibidea iradokizunak bilaketa